style="height:!important"

Noticias

Obrak aurrerantz

Gabonak baino lehen lan ugari jarri genuen martxan, eta, nahi baino polikiago, baina badoaz aurrera. Ziburu-gune gehienak txukundu eta berriztu ditugu, rokodromoa bukatua eta martxan dago, gimnasioa martxan eta erabilera doitzen, aste honetan frontoiko berogailua jartzen bukatu dute, pumtrack pistarekin eta tirolinarekin datorren astean bukatzea espero dute, oinezkoendako arrapalari argiak jartzea besterik ez da falta, Sagastiako zebrabideak egokituta eta margotuta daude, eta Olarango lanean ere bukaera usaintzen hasi da. Laster herriguneko zoladurari behar duen txukunketa-lanak egiten hasiko gara, eta baita Eztalako futbol-zelaiaren argiztapena aldatzeko lanekin. Ba hori, herria hankaz gora itxuraz, baina gero eta txukunago.

Gimnasioan dagoeneko eman daiteke izena

Gimnasio-zerbitzuaren ohiko funtzionamendua urtarrilaren 31n hasiko da. Ordutik aurrera ikastaroak martxan egongo dira, eta instalazioak erabilgarri. Datorren astean, berriz, ate irekiak egongo dira, gimnasioa ezagutu eta zerbitzuen berri zuzena ere izateko. Gaur, berriz, izen.ematea zabalik dago, bai bazkide egiteko bai eta ikastaroetarako ere. Bazkidetzako hileroko-kuota 12 eurotan ezarri da, eta ikastaroen prezioa, berriz, 56 eurotan (bazkide izanez gero, erdi-prezioan). Izen-ematea Udaletxean egin behar da, bulego ordutegian. Izena ematearekin batera, zerbitzuaren inguruko informazio zabalagoa ere emango zaizue.

Muralgintza, osatzear

Jone eta Oier lan bikaina egiten ari dira muralgintza-proiektuan. Aste honetan frontoiko atean ezarri dutena, kolore bizi-bizikoa eta eraikinari toke desberdina ematen diona. Hori eginda, bi baino ez zaizkie geratzen: Alardeari buruzkoa, frontoia eta herriko plaza artean, eta Antiguako autobus-markesina. Eguraldiak laguntzen badie, zirriborroak laster errealitate bilakatuko dira.

Ikasteko gelak liburutegian

Ikasten dihardutenendako liburutegi ordutegia murritzegia denez, Udalak bi ikasgela egokitu ditu liburutegian bertan. Esan bezala, gela biak ordutegi arruntetik kanpo erabili ahal izango dira, baina beti ere eskaera-orria bete, baldintzak onartu, eta baimena eta giltza jaso ondoren. Informazio gehiago Udaletxean edo liburutegian bertan.